XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Spinoza

Nehor izan bada nehun eta nehoiz bere gisakorik, Spinoza izan da halakoa, bai jitez bai gogoz.

Ez da, egia erran, deusetarik berech egon: haren ahotik mintzatu dira odol judua eta hamazazpigarren mendea; bainan, odol ala mende, biak bere baithan beretu eta berritu zituen bere jeinu bereziari esker: auzoen eta etxekoen asmu erranak bere askan orhatu zituen bere lemamiaz, emaiten ziotela urthez-urthe gogo hainitzen inharros'teko edo bederen hunkitzeko indar miresgarri bat.

Lehen zathia Nor zer zen ta zer egin duen

Baruch d'Espinoza Amsterdam'eko seme zen, 1632-ko hazilaren 24-ean sortua.

Aita-amak juduak zituen, Portugal'etik berrehun urthe hartan ihes igorri juduen odolekoak, Utrecht-eko batasunak Holandan onhartu hetarik.

Michel d'Espinoza-ren haurra zen.

Mixel hori hiruretan ezkondu baitzen, bigarren emazteak eman zion aiphu dugun muttikoa.

Aita ez zen aberatsa, bainan hiriko juduek halere buruzagitzat zaukaten.

Lombard deitu elgartasun bat bezerabilan: intresik galde egin gabe onhartzen baitzuten judu beharduneri diru mailegatzea.

Juduen hil-herrien artha ere Spinozatarren gain omen zagon.

Ama ttipi-ttipitik galdurikan, Baruk gaixoak ez zuen etxean maina handirik ezagutu.

Artha berezienak ukan zituzten hargatik bai, etxekoek bai eraikitzailek, haren gogoa gain-gainetik argitu beharrez: iduri-eta muttiko hartarik norbait jalgi nahi zutela ondoko urtheri buruz, beren odolaren omenetan.

Hemezortzi urtheak gabe, hebreoari ohart-arazi zuten bai eta hebreozko liburu saindueri, erakuslek nahi baino urrunago ikhertzen ohi bazituen ere; eta bertze gogo batekin.

Errabinen ikasketak ez dira zabal hedatzen; (...).